LABek DEITUTAKO LARUNBATETAKO GREBA MUGAGABEAREN GAUR EGUNGO EGOERA


LABek deituriko larunbatetako greba mugagabearen legezko egoera ulertzeko -helburua lehengo berbera izanik, hau da, Zuzendaritza, CCOO, UGT, CSIF eta SL larunbatak jai edukitzetik kanpo geratu ziren langileentzako proposamen bat egitera behartzea- orain arte gertatutakoa gogoraraztea beharrezkoa da:

1) Otsailaren 3an, greba mugagabea hasi zen bezperan, Postako Zuzendaritzak idatzi bat helarazi zigun, Hitzarmeneko 51. artikuluak agintzen duen konpromisoa bete ez izana guztiz ukatuz; eta horrela, berehala, greba bertan behera utz genezan.
2) Otsailaren 17an funtzionarioen greba legezkoa ez zela jakinarazi zigun ebazpen baten bidez.
3) Otsailaren 21ean, larunbatak 18an greba egin zuten Bizkaiko langileei beren arduradunek ohartarazi zieten, Giza Baliabideak-en aginduz, gertakari hura greba ilegaltzat hartuko zutela eta, jakina, hala gertatu zen Bizkaia eta gainerako herrialdeetan.
4) Otsailaren 23an, Postaren erasoaren oldarkortasuna noraino iritsi zen ikusirik, larunbatetan lanera joateko gomendioa egin genuen, berri gehiagoren zain. Halaber, deialdiaren legezkotasuna berresten genuen eta bertan behera ez uztea erabaki genuen, legezkoa zen ala ez epai-erabakirik ez zegoen bitartean.

Enpresaren jokaera ikusi ondoren, administrazioarekiko auzi bat jarri genuen funtzionarioen grebaren ilegalizazioaren aurka, eta auzitegiari eskatu genion Postako akordioaren kautelazko etenaldia. Jakitun izanik administrazioarekiko auzia oporraldia baino lehen ez zuela erabakiko auzitegiak, Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusian-EAEAN oinarrizko eskubideen babes-auzi bat sartu genuen Postaren aurka, greba eskubidearen eta sindikatu askatasunaren aurka neurri hertsatzaileak ibili izanagatik.

Epaiketa apirilaren 17an egin zen eta maiatzaren 12an jaso genuen epaia, EAEANak horretan aginpiderik ez zuela emaitzarekin; eta aldi berean, esanez, gure auzia erabakitzeko eskumena Entzutegi Nazionalari zegokiola. Gure auzia epaitzeko EAEANk eskumena izan zezan errazteko asmoz, auzia sartu baino lehen Nafarroan greba bertan behera uzteak ez zuen eman nahi genuen emaitzarik. Hau da: uda baino lehen EAEANren babesa lortzea larunbatetako greba eskubidea askatasunez bete ahal izateko.

Eragozpen honek ez gaitu geldiaraziko eta aurrera jarraituko dugu Postako Zuzendaritzak eta CCOO-UGT-CSIF-SL sindikatuek 2010eko apirilean adostu zutena bete arte. Larunbatetan jai egitetik kanpo geratutakoei aukera bat eskaintzeko idatzizko konpromisoa dute eta hori betetzea eskatzen diegu.

Ondorioz, jakinarazten dizuegu greba egiteko oinarrizko eskubidearen eta askatasun sindikalaren alde postaren aurka sartu genuen babes-epaia Entzutegi Nazionalaren esku utzi dugula. Auzi honetan jokoan dagoena larunbatetako greba baino zerbait gehiago da, eta Hitzarmenean negoziatutako gaiak ukitzen dituen greba deialdi guztiei eragingo die. Beste modu batera esanda: jokoan dagoena da, greba tresna gisa erabiltzerik izango dugun ala ez gure lan-baldintzen hobekuntza defendatzeko.


Euskal-Herria 2012ko ekainaren 12

Comentarios