LABek Langileon elkartasunez, blokeoa hautsi! elkartasun kanpainari hasiera emango dio astelehenean, Kubako herriaren kontrako erasoak salatzeko eta osasun publikorako duen eskubidea aldarrikatzeko, Kubarekiko elkartasun eta Kubako emigratuen elkarteen eskaerekin bat eginez. Euskal Herriko osasun sektoreko langileek bultzatutako kanpaina izango da, elkartasun internazionalistaz abiatutakoa, eta LABeko afiliazioak eta komunitate osoak babestua.
Kubak osasun sistema eredugarrienetako bat lortu du, Ameriketako Estatu Batuek inposatutako blokeo ekonomikoari, komertzialari eta finantzarioari sei hamarkadaz baino gehiagoz aurren egin behar izan dion arren. Blokeo hori gerra ekonomikoko ekintzatzat jo daiteke, eta ondorio suntsitzaileak izan ditu Kubako langileriarentzat, sendagaiak, osasun tresnak eta funtsezko teknologiak eskuratzeko aukera mugatu baitu. Gaur egun, adibidez, Kubako ospitaleek eta farmaziek oinarrizko sendagaien %30 baino ez dute.
Donald Trumpen gobernuak Kubaren aurka onartu berri dituen neurri hertsatzaileek, azken 5 urteetan aplikatutako 243 neurriei gehituta, Kubari hornidurak ukatzera behartzen dituzte enpresa farmazeutikoak eta nazioarteko hornitzaileak, AEBren errepresalia ekonomikoen beldur. Gainera, AEBek Kuba “terrorismoaren babesle” diren herrialdeen zerrendan sartzeak finantza zigorrak dakartza, eta horrek eragotzi egiten dio Kubari nazioarteko kredituak eskuratzea osasun arloko materiala erosteko.
Kubaren aurkako blokeoa askotan gaitzetsi du nazioarteko komunitateak. 2023an, Nazioarteko Justizia Auzitegiak delitutzat jo zituen zigorrak, genozidioa ekar dezakeen gizateriaren aurkako krimentzat, eta berehala amaitzeko eskatu zuen. Era berean, NBEren Batzar Nagusiak blokeoa amaitzeko eskatzen duen ebazpen baten alde bozkatu du behin eta berriz, hainbat urtez, 180 herrialde baino gehiagoren babesarekin eta AEBen eta haren aliatu den Israelgo estatu sionistaren kontrako botoarekin.
Horregatik guztiagatik, irailaren 1etik urriaren 15era, LABek osasun materiala jasoko du bere egoitzetan eta ordezkaritza sindikala duen osasun zentroetan. Taupada markagailuak erosteko ekarpen ekonomikoak ere bideratuko ditu. Jasotako material guztia Kubara bidaliko da Euskadi-Cuba, Sierra Maestra Euskadi eta Desembarco del Granma-ko lankideen bitartekaritzari esker.
Nola egin daiteke ekarpena?
Gutxienez 2026ko iraungipena duten sendagai mota guztiak jasoko dira (likidoak izan ezik). Baita sargaiak, xiringak, eskularruak, esparadrapuak, bendak, zundak, josturak eta higiene-produktuak ere; hala nola, pixoihalak, konpresak eta preserbatiboak. LABen Hego Euskal Herriko hainbat egoitzatan egin ahalko da ekarpenaegoitzetan egin ahalko da ekarpena:
Araba: Gasteiz eta Laudio.
Bizkaia: Bilbo, Barakaldo, Durango, Gernika eta Ondarroa.
Gipuzkoa: Donostia (Gros), Irun, Orereta, Hernani, Tolosa, Beasain, Zumarraga, Zarautz, Eibar, Bergara eta Arrasate.
Nafarroa: Iruña, Lizarra, Tutera eta Altsasu.
Ospitaleetan eta osasun zentroetan, berriz, LABek Osakidetzan eta Osasunbidean dituen ordezkariak arduratuko dira bilketaz. Bestalde, taupada markagailuak erosteko ekarpena honako kontu korronte honetan egingo da: ES35 3035 0134 43 1340059271 (Laboral Kutxa – Euskadi-Cuba) edo Bizum (04713 kodea – Kontzeptua: “Taupada markagailuak”).
Kubako osasun sistemak, Kubako langile klaseari mesede egiteaz gain, munduko beste herrialde askotara zabaldu du bere elkartasuna. Orain, hari babesa erakusteko unea da. Euskal Herritik, LAB sindikatuak elkartasuna adierazi nahi dio Kubari, eta abiatutako elkartasun kanpainan parte hartzeko deia egiten du.
Comentarios
Publicar un comentario