Administrazio publikoaren euskalduntzeak behar duen segurtasun juridikoa bermatzeko exijitu dio LABek Eusko Legebiltzarrari
Euskaraz lan egin ahal izatea Euskal Herrian bizi den eta lan egiten duen langile ororen lan eskubidea dela defendatu du sindikatuak, eta zerbitzu publikoak euskalduntzeko lege bermeak eskatu ditu. Aldarrikapen berberarekin, mobilizazioak areagotuko ditu sindikatuak datozen aste eta hilabeteetan.
Denbora da eragile euskaltzaleak euskarak bizi duen atzerakadaz eta larrialdi egoeraz ohartarazten ari direla, eta euskararen normalizazioak behar duen jauziaz ari direla, zeinak administrazioaren euskalduntzea azkartzea eskatzen duen. Aldi berean, Hego Euskal Herrian etengabekoak dira euskara eremu judizialetik jasaten ari den erasoak, eta azken lau urteetan ia hilero zapuztu dituzte epaitegiek administrazio publikoak euskalduntzeko ahaleginak. Horren adibide dira EAEko Udal Legearen kontrako epaiak eta aldundi eta udal ugaritako lanpostu deialdietan euskararen eskakizunak jaitsi dituztenak. Testuinguru horretan, LABek hainbatetan adierazi du mobilizazio sozialean eta aktibazio sozialean jauzi bat egiteko beharra, eta, gaur, administrazio publikoko dozenaka ordezkari elkartu ditu Gasteizen. Batzarra egin ostean, mobilizazioa egin dute Eusko Legebiltzarrera, eta zerbitzu publikoak euskalduntzeko lege bermeak exijitu dituzte, baita datozen hilabeteetan mobilizazioak areagotzeko borondatea adierazi ere.

Comentarios
Publicar un comentario