Ekainaren 19an mobilizatzera deitu dugu Eskubide Sozialen Kartatik, "Publikoa eta funtseskoa zaindu" lelopean

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok ekainaren 19ko mobilizazio eguna aurkeztu dugu Donostian eta Iruñean. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk mobilizazioen garrantzia nabarmendu du, egungo sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozida errotik aldatzeko. "Ez dugu kapitalismoa berreraiki nahi, egungo eredua errotik aldatu nahi dugu, pertsona guztien eskubide guztiak bermatuko dituen eredu bat eraikitzeko".

Garbiñe Aranburuk adierazi du pandemiak agerian utzi duela egungo sistema jasangaitza dela. Horregatik, berreraikitze ekonomiko eta sozialaz hitz egiten digutenean, ezezko erantzuna da gurea, ez baitugu nahi egungo sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozida; beste eredu bat nahi dugu, bizitzak erdigunean jarriko duen eredu bat.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "pandemiak erakutsi digu zein garrantzitsua den osasun sistema publiko indartsu bat izatea. Zerbitzu publikoetan azken urteetan emandako murrizketa, pribatizazio eta merkantilizazio politikek oso ahul utzi dute osasun zerbitzu publikoa". Hortaz, bere hitzetan, zerbitzu publikoak eta osasun zerbitzu publikoa indartu behar dira: "Publifikazio plan bat egin behar da. Zerbitzu publikoetan inbertsioak handitu behar dira eta langileen lan baldintzak hobetu".

Pandemiak ere erakutsi du oinarrizko lanak ezinbestekoak direla: "Sektore hauetako asko feminizatuak eta prekarizatuak daude. Dagokien aitortza politiko, sozial eta ekonomikorik gabe lan egiten dute sektore hauetako langileek,1.200 euro baino gutxiagoko soldatekin eta inposatutako lanaldi partzialak jasotzen dituzten kontratuekin. Egin duten lana itzultzea dagokigu, euren lan eta soldata baldintzak duintzeko borroka eginez".

Zaintza lanak ere ez direla aitortzen nabarmendu du, eta egoera horri amaiera jarri behar zaiola adierazi du: "Zaintzen sistema publiko bat eraiki beharra dago".

Garbiñe Aranburuk ere hitz egin du lan merkatuaren ahultasunari buruz, behin behinekotasuna oinarri. ABEEEak eraginda milaka eta milaka langile daudela ekarri du gogora, horrek ekartzen duen ezegonkortasunarekin eta ezinegonarekin.

Goiz eta arratsaldez
Hala, arrazoiak soberan daude egungo eredua errotik aldatzeko eta pertsona guztien eskubide guztiak bermatuko dituen beste eredu bat eraikitzeko. Horixe izango da, hain zuzen ere, ekainaren 19ko mobiliazio egunaren aldarri nagusia.

“Publikoa eta funtsezkoa zaindu, aberastasuna banatuz. Lehenik bizitza!” lelopean, mobilizazioak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan goizean eta arratsaldean izango dira, eta beste herri askotan ere arratsaldean antolatuko dira.

Goizeko mobilizazioak:

BILBO: 11:30ean Udaletxean.
IRUÑA: 11:30ean Gaztelu Plazan.
DONOSTIA: 11:30ean Alderdi Ederren.
GASTEIZ: 11:30ean Foru Plazan.

Arratsaldeko mobilizazioak hiriburuetan:

BILBO: 19:30ean Moyuan.
IRUÑA: 19etan Gaztelu plazan.
DONOSTIA: 18:30ean Bulebarrean.
GASTEIZ: 18.30ean tren geltokitik (Dato kalea).

Zazpi ardatz
Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Donostian eta LABeko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak, Iruñean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren  aldarrikapenak azaldu dituzte. Hauexek dira, hain justu, proposatu diren zazpi alorretarako neurriak:

1- Zerbitzu publikoak garatu. Zaintza lanen (zahar egoitza, eguneko zentro, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat egoitza-elkate, adin-txikikoen bizileku eta etxez etxeko zerbitzuak), osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek (hezkuntza publikoa, osasungintza…) azpikontrataturiko zerbitzuen (garbiketako, hezkuntzako monitoreak, jantokietako langile-hezitzaileak...) eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. Esparru hauetatako lan baldintzak langile publikoaren lan baldintzekin parekatzea.

2- Zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea.

3- Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako HELean planteaturiko neurriak: DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a eta etxebizitza eskubidea.

4- 1080 eurotako gutxieneko dirusarrera erretiroa hartua duten pertsonentzat.

5- 1200 euroko gutxieneko soldata/35 orduko gehienezko lanaldia.

6- Fiskalitate berria: Proposamen honek suposatzen duen gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publiko guztia errenta altu, kapital-errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.

7- Administrazio-egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa.

Comentarios