Lan osasunaren defentsan mobilizatu gara, aurten hildako 29 langileak eta desagertutako Alberto eta Joaquin gogoan

LABeko Lan Osasuneko arduradun Lurdes Erasok hartu du hitza Zaldibarren, bertako zabortegiaren atarian, non Alberto Sololuzek eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen duten otsailaren 6az geroztik. Erasok azaldu du lan osasunak okerrera egiten jarraitzen duela, azken asteotako gertaerak lekuko. Izan ere, Euskal Herrian, gutxienez, 29 langile hil egin dira aurten; bi langile desagertuta daude Zaldibarren; eta koronabirusak jota lau langile zendu dira. Honek argi uzten du, LABeko ordezkariaren hitzetan, patronalak eta erakundeek interes ekonomikoak lehenesten dituztela langileen osasunaren gainetik. Lan gaixotasunek ere nabarmen gora egin dutela adierazi du.
Lurdes Erasoren arabera, "langileak abandonatuta sentitzen gara. Langileak bakarrik utzi gaituzte". Egungo pandemia egoeran langileak gaixotzera bidali dituztela lanera salatu du, babesik gabe; oinarrizkoak diren jardueretako langileen kasua, adibide.
Egoerak erakutsi du zerbitzu publikoak indartzeko garaia dela, LABeko kidearen esanetan; pribatizazioekin amaitzeko garaia dela, alegia: "Pandemia amaitu egingo da, baina sindikatuok borrokan jarraituko dugu beste eredu bat eraikitzeko, non bizitza erdigunean egon behar duen. Borrokatuko dugu erakundeak bide horretan jartzeko".
Comentarios
Publicar un comentario