Ir al contenido principal
Aparteko pagaren itzulketa
Ministro Kontseiluak 2012ko
abenduan langile publikoi dekretuz kendu zien aparteko pagaren falta den
zatia itzultzea erabaki zuen. Dagoeneko pagaren laurdena itzuli zaie
langileei, beste %50 bat datorren urtean bueltatzeko agindua emanda
dago, eta orain onartu dena falta den %26,23a aurten ordaintzea izan da.
LABen ustez erabaki honek PPk hauteskunde orokorren aurrean duen
beldurra erakusten du eta egiten ari den zerbitzu publikoen
suntsiketaren irudia garbitzeko mugimendu bat besterik ez da. Honek ez
du konpontzen eraitsitako zerbitzuak eta suntsitutako lanpostuak.
Ministro Kontseiluak 2012tik zor diguten abenduko aparteko pagaren falta zen zatia itzultzea baimendu du Madrildik
Ostiralean Ministro Kontseiluak Madrilen besteak beste zera erabaki du,
2012ko abenduan langile publikooi dekretuz kendu ziguten aparteko
pagaren falta den zatia itzultzea. Horrela, dagoeneko pagaren laurdena
itzuli zaigu, beste %50 bat datorren urtean bueltatzeko agindua emanda
dago, eta orain onartu dena falta den %26,23a aurten ordaintzea izan da.
Horren aurrean hauxe da LABen iritzia eta jarrera:
Testuingurua:
Delako krisialdiaren unerik gordinenean ere ez genuen onartu
paga kendu izana. Zerbitzu Publikoen suntsiketaren estrategiari uko egin
genion, eta bankuek sortutako zorra ez genuen langileon soldatarekin
estaltzea onartu. Gaur, egoera ekonomikoa hobetzen ari dela errepikatzen
ari direnean ere horretan mantentzen gara beraz.
Ez-nahikoa da, ez soilik oraindik eros-ahalmena berreskuratzetik urrun
gaudelako, ez gara soilik dirua itzultzeaz ari, baizik eta batez ere
eraitsitako zerbitzuez, suntsitutako lanpostuez...
PPren Gobernua ikaratuta dago abenduko hauteskunde orokorren aurrean,
eta egiten ari den zerbitzu publikoen suntsiketaren irudia garbitzeko
derrigortuta ikusten du bere burua. “Hilargi” hori langile publikoei
soldata igoera ez nahikoaren eta aparteko pagaren itzulketaren
“hatzamarraren” bidez estali nahi du.
Formak:
Egoera ekonomiko hobeagoan geundenean arlo publikoan negoziazio
kolektiboa ukatuta egon zen, aldebakartasunera mugatutako antzerki
hutsa zelako. Oraingoan antzerkia zena lau hormen artean ematen da,
elite politiko eta sindikalen arteko “elkarrizketa sozial arduratsu”
baten bidez. Langileria desaktibatu nahi dute, eta inboluzio horretan
urrats handiak eman.
Aginduak Espainiar Gobernuak ematen dituela gogoratzen ez gara nekatuko.
Jaurlaritza halako erabakiekin bat etortzen da eta gogo onez betetzen
ditu aginduak, bere lorpen gisa saldu izaten badu ere, baita erabaki
propioak bailiran ere.
LABek beraz, mugimenduaren ez-nahikotasuna, neurriokin zerbitzu
publikoen suntsiketarekin jarraitzen dutela eta euskal langileok gure
lan baldintzak eta zerbitzu publikoan zein diren erabaki gabe jarraitzen
dugula salatzen du beraz. Batzarrak sustatuko ditu gogoeta partekatzeko
eta langileak Euskal Herrian aktibatzeko bere eskubideen eta orokorrean
zerbitzu publikoen defentsan.
Comentarios
Publicar un comentario