POSTA-LEGEA ONARTU DA: LAB-en BALORAZIOA

Joan zen abenduaren 21ean onartu zen 2008/6/CE Europar Zuzentarauak espainiar legeriari igorri zion legea, posta-merkatua guztiz liberalizatzeko. Zuzentarau honek amaiera ematen dio europako posta-merkatuaren liberalizazioaren prozesuari, hain zuzen 1997an hasitakoa (97/67/CE Zuzentaraua) eta Alderdi Popularrak, CCOOen babesarekin, espainiar estatua Europako posta-merkatu liberalizatuenetarikoa izan zedin garatu eta bultzatu zuen legea; gaur egun ia erabat liberalizatua dagoelarik.

Aurreko Zuzentarauei dagokionez, 2008/6/CE-koaren berrikuntza handiena hau da: posta-operadore guztiei emandako lehiatzeko askatasuna eta tratu-berdintasunaren oinarriak kontuan harturik, estatu-kideak behartu egiten ditu lehiakortasuna bultzatzera, Posta Zerbitzu Unibertsala (PZU) prestatzeko hautatutako edozein operadorek izan lezakeen gutuneriaren edonolako erreserba ezabatzeko. Baita ere Posta Zerbitzu Unibertsalaren prestatzaileak hautatzea behartzen ditu, ondorengo sistema hauetako baten bidez: “… PZUaren zerbitzua merkatuko indarren bidez, PZUaren osagai ezberdinak eskainiko dituzten edo lurraldeko hainbat tokietara iritsiko den enpresa bat edo zenbait enpresa izendatzea eta zerbitzuen kontratazio publikoa”. Gainera, PZUaren erabiltzaile baten izendapena betirako izatea eragozten du, aldizka berrikustera behartuz.


Hain zuzen ere, Zuzentarauak inposatzen dituen betebehar berri hauek LAB-ek erabat baztertu zituen, 97ko liberalizazioa bezalaxe, Postaren etorkizuna argi eta garbi arriskuan jartzen dutelako.

Hala ere, Zuzentarauak operadore publikoa guztiz ahultzeko eskaintzen dituen aukerak kontuan hartu arren, konturatu beharra daukagu onartutako legeak saihestu egiten dituela, ondorengo 15 urteetan estatuko lurralde osoan PZUaren prestazioa zuzenean Postari aginduz, bost urteko “kontratu arautu” jarraituen harpidetzaren bidez.
Baliabide honek, PZUaren prestazioak sortutako kostuak Postari ordaintzeko lege-testuak ezartzen duen beharrarekin batera -finantzaketaren zati handiena estatuak jarri beharko duelarik-, segurtasuna sortzen du, Postaren aktibitate hau kostuei dagokionez babestua izango dela bermatzeak eta lanpostuak mantenduko direla jakiteak.

Aipatutakoaz gain, eta gaur egungo araudiarekin alderatuz, legeak baliabide baikorrak sartzen ditu, nola hiritarrentzat hala Postarentzat. Hauen artean:

1.- PZUaren esparrua hedatzen du, 20 kilora bitarteko fardelak onartuz, 98ko legeko 10 kiloren ordez.
Diru-igorpenaren zerbitzua PZUaren esparrutik kanpo uzten badu ere, hau bermatua geratzen da “posta-zerbitzuen zerbitzu gehigarri edo osagarri” izendapenarekin, PZUaren lurralde guztian prestatzeko baimenarekin, eta bereziki herriguneetan PZUeko gainontzeko produktuetan bezala.

2.- Zehatz-mehatz arautzen ditu erabiltzaileen eskubideak estatuaren eta posta-operadoreen aurrean.

3.- Postari ematen dio, soilik, “egiatasun eta frogatasun” ezaugarria, administrazio publikoek igortzen edo beraiei zuzentzen zaizkien idatzi eta ziurtagirien onarpen eta banaketan.
Zalantzarik gabe, legezko onarpen honek Postaren kokapena indartu egiten du posta-merkatuaren gune garrantzitsu honetan.

4.- BEZa ordaintzetik kanpo geratzen dira produktu guztiak, PZUaren esparruan daudenak barne.
Gaur egun 50 gramotik beheragoko herriarteko gutunei ezartzen zaie soilik. Neurri honek kostuak gutxitzea ekarriko du.
5.- Lege honek 98ko ustekabeko legeak sorturiko ondorio maltzurrenetako bat zuzentzen du, hain zuzen Postak kudeatutako sare publikora posta-operadoreek sartzeko zuten eskubideari zegokiona: operadore pribatuak Postara iristeko ezarri beharreko tarifek sortzen dituzten benetako kostuak derrigorrez betetzea behartzen ditu. Beste modu batera esanda: pribatuei pruduktu bakoitzeko ezarri beharreko erreferentzia-salneurria ezingo da izan, gaur egun bezala, erabiltzaileei ezartzen zaizkien tarifa publikoena bezalakoa.
Gainera, operadore pribatuak behartu egiten ditu adostutako “onarpen masiboko” zentruetan beren objetuak uztea, prozesu guztian Postan egon beharko dutelarik eskura eman arte, Postarentzat gaur egun garestiak diren ohiturak zuzenduz.

6.- Operadore pribatuek PSUaren finantzaketa fondoari eman beharreko ekarpena gehitu egiten da, PZUeko produktuek sortutako negozioaren urteko kopurutik urtero 0,5eko zerga ordainduz, 50.000$-tik goragoko diru-sarrerentzat.
Gaur egun zerga tipoa milatik 1 da eta %1a.
Parlamentuko tramitean onartutako zuzenketek funtsean jaitsi egiten dute negozioaren urteko kopuruaren %1,5eko zerga ezartzearen hasierako asmoa, eta finantzaketa fondoari ordainduko diotenen artean sartu du Posta.

7.- Posta-operadore guztiak behartu egiten ditu legez, araudiz edo erabaki administratibo edo hitzarmen kolektiboaren bidez ezarritako enplegu eta gizarte-segurantzaren araubideen akordioak errespetatzea.
Eginbehar hau larriki edo behin eta berriz ez betetzeak posta-zerbitzuen arau erregulatzaileak oso larriki haustea suposatzen du; eta isun handia ekar lezake, eta baita lan egiteko baimen administratiboa baligogabetzea ere.
Prebentzio honek kontraturik gabeko langileak erabiltzen dituzten enpresak merkatutik kanpo utzi beharko lituzke; eta baita kotizazioak ordaintzen ez dituztenak eta Hitzarmenak agindutakoa baino gutxiago ordaintzen dutenak ere.

8.- Isunak gehitu egingo dira posta-araudia urratzeagatik, lege proiektuaren lehen testuan aurrikusten zena baino txikiagoa izango bada ere.

9.- Legeak arreta berezia eskaintzen dio PZUa herri-eremuetan prestatzeari.

Lantokietan azalduko dugun balorazio hau oso zehatza ez den arren, esan dezakegu gehien kezkatzen gintuena,   Zuzentarauaren  hitzez hitzeko edukia espainiar legeriara igortzeari dagokiona, lege-testuan nahiko ondo irudikatua geratu dela, hau da (estatu osoan operadore bakarra Posta izendatzea; PZUaren hedadura, irismena eta finantzaketa; izendatutako operadorea izateagatik Postari ezarri beharreko baldintzak, eta gainerako posta-operadoreei sare publikora iristeko jarri beharko zaizkien baldintzak).

Honek ez du esan nahi zerbitzu publikoen liberalizaziorako europar eredua onartzen dugunik (LABek gaur egungo europar eraketaren aurkako eredua defendatzen du: politika, gizarte eta ekonomia mailan), baina 2008/6/CE Zuzentarauaren hitzez hitzeko edukiak lege berrira igorri izan balira, Postaren etorkizuna epe motzera oso beltza izango zen.
Azken honi dagokionez norbaitek zalantzak baldin baditu, Konpetentziako Batzorde Nazionalaren txostena irakurri beharko luke, EAJren zuzenketak eta argudioak eta ASEMPRE-ren (posta-operadore pribatuen Patronala) balorazioa.

Dena dela, hiritarrentzat eta Postako langileentzat garrantzi handikoak diren lege honen osagaiak oraindik garatzeko daude, hala nola PZUaren Prestazio-Plana eta PZUaren prestaziorako Kontratu Erregulatzailea.

Azkenik, ezin dugu balorazio hau amaitu CCOOek burutu dituen –sindikatukide lagunekin desleialak izateraino, gainera- ekintza manipulatzaileak publikoki salatu gabe; bera izan baita Espainiako posta-merkatuaren liberalizazioaren babesle nagusia, ez bakarrik lege hau tramitatzerako prozesuan, baizik eta Sustapenaren proiektua ezagutu aurretik ere bai.

Baita ere EAJ eta CIUk publikotasunarekiko azaldutako borondate txarra salatu beharrean gaude, lege-proiektuari zuzenketak aurkeztu baitzizkioten. Asmo horrekin Posta operadore publikoari nagusitasuna kendu nahi zioten, posta-merkatuaren zokora baztertuz, horrela guztiz defizitarioa izango zelarik..

Euskal Herria, 2010eko abenduaren 27an.

Comentarios