Ekainak 28 Sexu Askapenaren nazioarteko eguna


 

ASKE maitatzearen harrotasuna

Ekainaren 28 honetan LABek mobilizaziorako deia egiten du. Kaleak hartzeko deia egiten dugu, baita kolektiboaren aldarrikapenak babestekoa eta lantokietan aske maitatzearen harrotasuna defendatzekoa ere.

Bizi garen sistema heteropatriarkal kapitalista honetan, heteroarautik ateratzen den oro zigortu egiten da. Lantokiak ez dira ez leku seguruak ezta leku erosoak ere langileentzat, orokorrean, baina are gutxiago, prekaritateak babesik gabe uzten duen gaurko lan munduan, kapitalak ezarritako langile eredu hegemonikoaren neurria ematen ez duenarentzat.

Kezkaz ikusten ari gara nola jarraitzen duten gertatzen eraso LGTBI+fobikoek gure auzo, kale eta lantokietan. Horren aurrean, sexualitatea askatasun osoz bizitzeko hautu zilegia baino are gehiago dela aldarrikatu nahi dugu: kapitalismo heteropatriarkalak inposatutako leku, eredu eta roletatik askatzen gaituen hautu bezala ulertzen dugu. Izan ere, sexuaren araberako lan banaketa posible egiten duena bikote heterosexualean oinarritzen den familia nuklearra da. Familia funtsezko instituzioa da produkzio eta erreprodukziorako gaurko sistema existitu dadin, eta berau betikotzeko.

LABek tresna izan nahi du LGTBI harrotasunerako lan eremuan bermeak jartzeari begira, langile guztion eskubideen alde egiten baitugu. Lantokietan ere aske maitatzearen harrotasuna borrokatu behar dugu, eta, horregatik, urteak daramatzagu enpresetan sexu eta genero identitateen aldeko proposamenak eta lanketak garatzen. Hala ere, oso argi dugu diskriminazioarekin bukatzeak enpresen esku bakarrik jarraitzen badu, eskubideen aitortzak formalismo hutsa izaten jarraituko duela.

Borroka honetan jarraituko dugu, gure sexu identitate eta orientazioa askatasunez bizitzeko zigorrik eta diskriminaziorik ez izateko neurri errealak har daitezen eta sexu askatasuna lantokietan ziurtatuko duten diskurtso eta politika publiko eraginkorrak exijitzen:

  • Negoziazio kolektiboan klausulak proposatu eta borrokatzen. Enpresak diskriminazio guztiak ekiditera eta prebenitzeko neurriak hartzera behartuta daude, eta, zentzu horretan, aniztasun sexualarengatiko diskriminazioa ere hartu behar dute kontuan. Era berean, neurri eta prozedura zehatzak ezarri behar dituzte jokabide homofoboak prebenitzeko, kexak eta salaketak jasotzeko eta horiei erantzun egokia emateko.
  • Indarkeria matxistaren kontrako protokoloetan ere lanketa espezifikoak txertatzea. Aurretik ere eskatzen bagenuen ere, otsailaren 28ko 4/2023 Legeak, trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorrari eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzkoak, horretarako bermeak ematen dizkigu.
  • Gure apustua Berdintasun Planetan ere diskriminazioarekin bukatzeko neurri neurri zehatzak jasotzea da. Aniztasun sexualaren errealitatea kontuan izanik, sentsibilizazioa egiteaz gain, ziurtatu behar da bizi baldintza duinak edukitzeko arazoak eta oztopoak ez direla jarriko, eta elkarbizitza bultzatzea izango dela helburua. Errealitate anitzak daudela onartu eta ikusaraztea izango da lehentasuna.

 

Comentarios