ABIAN DA 22.KORRIKA

 

 

Langileon borroka oso presente egon da Korrikaren abiatzean

Abian da 22. Korrika. Amurriotik irten da, azken hilabeteotan lan borroken eta langile elkartasunaren ikur izan den Aiaraldea eskualdetik. Hala, oso presente egon dira hasiera honetan Tubacex, Artiach eta Madres Mercedarias lantokietako borrokak, besteak beste, baita SOS Aiaraldea herri dinamika ere. Hain zuzen ere, azken hauek bigarren kilometroa egin dute, Tubacex-eko langileen ordezkariekin batera.

Kilometro gehiago etorriko dira datozen egunotan, 2.500 zehazki, eta Korrikak zeharkatuko dituen herrialde guztietan langileen eta LAB sindikatuaren presentzia nabarmena izango da. Donostiako helmugan, datorren apirilaren 10ean, esaterako, euskal gehiengo sindikalak egingo du azken kilometroetako bat, beste herri eta eskualde batzuetan egingo dugun bezala.

Horrenbestez, ohi bezala, LABek modu aktiboan hartuko du parte Korrikan, eta tropelarekin bat egiteko deia egin nahi diogu gure kidegoari.

LABek euskara hizkuntza propio eta ofizial gisa izendatu zuen 2000 urteko Biltzar Nagusian. Euskara dugu sindikatuaren lan eta komunikazio hizkuntza, bai barruko lanetarako zein kanpoko zereginetarako eta harremanetarako, eta euskararen egin beharra kokatzen dugu gure ekintza sindikalean eta esparru sozioekonomikoan. Hortaz, ezinbesteko hitzordu dugu Korrika.

 


Comentarios