ALDAKETA SOZIALERAKO AURREKONTU SOZIAL, PARTE HARTZAILE ETA BURUJABEAK


2015. urteko martxoaren 14ean Euskal Herriko eskubide sozialen Kartaren iniziatibaz, Bilboko kaleetan 7.000 herritar mobilizatu ginen aldaketa soziala eskatzeko. Bi urte geroago, EAE-ko aurrekontuen aurrean kalera aterako gara, aldaketa soziala gauzatu eta politikaren lehentasunak aldatzeko mobilizazioa ezinbestekoa delako.

2008. urtean lehertu zen krisialdi finantzarioaren aurrean, eredu berria baten alde egin beharrean, politika neoliberaletan sakontzea erabaki zuten elite politiko zein ekonomikoek. Ordutik hona Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundien zerga eta aurrekontu politikek hori inplementatu dute. Azken urteotan gutxi batzuen interesen aldeko politikak sustatu dituzte erakunde hauek egonkortasun zein modernitatearen izenean, prekarietate zein pobrezia egoera betikotuz herritarron gehiengoarentzat.


Aurrekontuak oinarrizko tresna dira, egungo politikaren lehentasunak aldatu edota politika neoliberaletan sakontzen jarraitzeko. Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen aurrekontu proiektua aztertu ondoren, zoritxarrez, honako ondorioa atera dugu: Eusko Jaurlaritzak herritarron behar zein interesak alboratzea erabaki du, proiektu neoliberalean sakonduz eta Araba, Gipuzkoa zein Bizkaian proiektu sozial, parte hartzaile eta burujabeari muzin eginez.


Formari dagokionez, inolako eztabaida edota parte hartze sozialik gabe proposaturiko aurrekontu neoliberalak dira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Patronalaren, elite ekonomiko eta alderdi kontserbadoreen interesak gailentzen direlako.


Edukiari dagokionez, PNV-PSE arteko Gobernu Akordioa garatzea dute helburu. Batetik, diru publikoaren bilketa ez da nahikoa, ezta justua ere ez, enpresek eta kapital errentek beharko luketeena baino askoz gutxiago ordaintzen dutelako. Bestetik, ez dira beharrezkoak diren inberstioak egiten sektore publikoa garatu, enplegua sortu eta behar sozialei erantzuteko.


Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian aberastasuna badago herritarren beharrak bermatzeko. Era berean, aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeen aldeko gehiengo soziala ere badago, politikaren lehentasunak aldatzeko.


Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu neoliberalak direla salatu nahi dugu. Alternatiba sozialak badaude, baina gure agintariek ez dute borondate politikorik bide hori egiteko. Aurrekontuen oinarriak zeintzuk diren kontuan hartuta, argi dago ez dagoela aukerarik ikuspuntu sozial batetik proiektuaren inguruan akordio batera iristeko. Alternatibak argi eta garbi jarrik behar dira mahai gainean. Horregatik, abenduan Labriten egin genuen bezala, aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeak aldarrikatzeko, martxoaren 17an (ostirala) ekitaldia egingo dugu 10:30tan hasita Gasteizko Mendizorrotza pilotalekuan. Ondoren, manifestazioa egingo dugu Legebiltzarreraino “ALDAKETA SOZIALERAKO, Aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeen alde” lemapean.

Comentarios