ELAk eta LABek ez diote «bake soziala» emango «iruzurrari»

Sindikatu abertzaleek diote Confebaskek, CCOOk eta UGTk bultzatzen dutela euskal itunen estatalizazioa, Madrilen. «Zurikeria» eta «zinismoa» egotzi diete sindikatu abertzaleek.

Edukiak egiten du aldea itunean, eta mahaikideek baldintzatzen dute edukia. «Ez da hobea edozer sinatzea ezer ez sinatzea baino». ELAk eta LABek diote Elkarrizketa Sozialerako Mahaian eragin mugatuko itunak orokortzeko hartutako akordioak esan nahi duela Confebaskek mahaikideak aukeratzen dituela «bere eredu neoliberala gehiengo sindikalaren oztopoaren gainetik gauzatzeko». LABeko negoziazio kolektiborako arduradun Garbiñe Aranburuk esaldi borobila bota zuen atzo ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozekin batera egindako agerraldian: «CCOO eta UGTren borondateak erosi dituzte finantzaketaren truke».

Gutxiengo sindikala %45 izan daiteke, baina baita %5 ere, eta, horrekin, «euskal langileen gehiengoari iruzurra egiteko asmoa daukate». Sindikatu abertzaleak, ordezkaritza handiena dutenak (%60 ia), haserre daude Eusko Jaurlaritzarekin, hark eman diolako hauspo eta babes gehiengo sindikala zokoratzeko planari. «Zurikeria galanta da, arau demokratikoak urratzen baititu», esan zuen Adolfo Muñoz ELAko buruak. «Hauteskunde sindikalei burla egitea da, eta gehiengoa gutxiestea».

Legegintzaldi hasieran Juan Mari Aburto Enplegu sailburu ohiak martxan jarritako mahaiak —eta Angel Toñak haren lekukoa hartuta jarraitu duenak— azken orduko emaitza eman du, Euskadiko CCOO kanpoan zegoela jadanik. Zergatik? Hona Muñozen azalpena: «Eredu neoliberalarekin bat egiten ez dugunak baztertzeko akordioa egin dute». Areago, Jaurlaritzak esparru publikoan egiten duen politika Confebaskek esparru pribatuan egin dezan tresna dela esan zuen, eta sindikatu abertzaleen finantzaketa publikoa ere arriskuan legokeela esplikatu zuen, Lakuaren 2014ko agiri bati erreparatuta. Ohartarazi zuen «iruzurraren aurrean» ez dietela «bake soziala» emango, etorkizunean irits daitezkeen mehatxuen gainetik. Alegia, gutxiengo sindikalaren makulaz egindako akordioak iristen badira, «ahal den guztia» egingo dute ELAk eta LABek «iruzur horri aurre egiteko»......(seguir leyendo)

Fuente Berria Egunkaria: http://www.berria.eus/paperekoa/1757/010/001/2016-07-28/elak_eta_labek_ez_diote_bake_soziala_emango_iruzurrari.htm

Zentzu honetan, datorren irailaren 20an, 10:30ean,Gasteizko Correos plazatik abiatuta mobilizatuko gara.

Euskal langileok ez dugu iruzurrik onartuko eta kalean izango gara!

Comentarios