Donapaleuko postariaren aferari buruz Estatua "eskuak garbitu nahian" dagoela salatu du LABek

Nicolas Borrega Donapaleuko postaria eta Postaren arteko gatazkaren karietara, LAB sindikata abertzaleko ordezkari bat Patrick Dallennes Baionako suprefetarekin hizketan aritu da goizean, suprefeturan. Eñaut Aramendi sindikatak azaldu du goiz honetako hitzorduak ez zuela "gauza handirik" ekarri N. Borregaren kasuarentzat. Suprefetak egoeraren irakurketa bikoitza egin duela azaldu du LABeko ordezkariak, Estatuak horrela jokatuz "eskuak garbitu nahi" zituela salatuz. LABentzat, N. Borregaren kasuan Estatua epailea da eta ber denboran Postaren defendatzailea da, Postaren lehen akzioduna baita. Suprefetaren jokamoldea kritikatuz, hurrengo asteetan "tonoa igo beharko" dela adierazi du LABek.

Goizean LABek eta P. Dallennes izandako hitozrduan suprefetak LABi jakinarazi dio normalean Estatua ez dela langile eta nagusien arteko kalapitetan sartzen, eta horregatik ez duela indar publikoa erabiltzen konfliktu sozial bat badenean. Halaber, joan den martxoaren 29an LABek Donapaleuko posta okupatu zuenean, jendarmei dei egin zien, Postak zerbitzu publiko bat betetzen duelako.

Irakurketa bikotza hori salatu du sindikata abertzaleak, "alde batetik indarkeria erabiltzeko nagusia baita Estatua", baina bestetik ez duelako N. Borregaren kasuaren gainean adierazpenik egin nahi, hori dena jakinez "Estatua Postaren lehen akzioduna" dela.

Horrez gain, Estatuaren jokamoldea salatu du LABek, bereziki arduraren itunaren bitartez nagusiei diru laguntza ainitz eman zaizkiela enpleguak sortzeko, eta ber denboran N. Borrega kanporatuz "langabetu bat gehiago sortzen duela Estatuak".

Auzia atzeratua 
Joan den astean, Nicolas Borrega postaria eta Donapaleuko Postako zuzendaritza Baionako lan auzitegira deituak izan ziren, baina Postako nagusien abokatak kasua aztertzeko denbora gehiago eskatu zuenez, auzia maiatzaren 21era arte atzeratua izan zen. Gaur LABeko ordezkariak Patrick Dallennes Baionako suprefetarekin bildu dira, gaia jorratzeko, baina ordezkari sindikalak "gauza handirik" ez duela atera baieztatu du bilkuratik ateratzean. "Estatuak ez du Posta eta langilearen arazoetan sartu nahi, baina indar publikoa erabiltzen du okupatzaileak kanporatzeko" adierazi du Eñaut Aramendi LABeko kideak.

Auzitegira joan aintzin LABeko 20 bat kide postari gaztearekin Baionako postara joan ziren martxa bat antolatuz. Ez da lehen aldia horrelako ekintza bat antolatzen zutela. 
Martxoaren 29an, LAB sindikatuko 20 bat kidek eta postako 3 langilek Donapaleuko posta okupatu zuten egun osoan, bertako langile baten kontratua ez baita berritua izan, "modu txarrean eta lan kodea errespetatu gabe" LABen arabera. 30 jendarmek inguruk indarrez kanporatu zituzten okupatzaileak. Garbiki ikusten da LABek grabatu duen kanporaketaren bideoan jendarmek indarkeria erabili zutela.

Langilearen egoera Nicolas Borrega postariak lana burutu zuen Donibane Garazi, Iholdi eta Donapaleun baina otsailaren 2tik 16ra "Postarentzat lan egin zuen inolako kontraturik izenpetu gabe, guziz legez kanpoko egoeran".

Horrez gain, beste ehun bat oren lan egin ditu eta "ez zaizkio ordaindu, lan izkutu gisara". Zor zaiona eman diezaioten eskatzen du langileak, hau da, berriz lanean hasi eta mugagabeko kontratua izenpetu.

Fuente:
http://www.kazeta.info/

Comentarios