Gu ere azaroaren 25ean kalean egongo gara emakumeonganako indarkeriaren aurka!

Datorren igandean, azaroaren 25ean, LABeko afiliatu eta delegatuoi Euskal herriko mugimendu feministak deitzen dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi dizuegu, emakumeonganako indarkeria egoerak salatu, borrokatu eta garaitzeko bidean.
Indarkeria sexista gure bizitzako esparru guztietan presente dagoen egoera larria da. Zoritxarrez, bereziki krisialdi testuinguru honetan, langileok emakumeonganako zapalkuntza egoerak lan merkatuan ikusten jarraitzen dugu egunero, nahiz eta askori, krisialdi honek emakume langileen egoeran eragiten dituen kalteak antzematea kostatu.

Guk langile gisa, gure konpromisoa jendarteratu nahi dugu lantokietan egoera hauei aurre egiteko lan eginez, baina honetarako jendarte osoaren konpromisoa eta borroka nahitaezkoak dira. Honen jakitun izanik, azaroaren 25ean Euskal Herriko hiriburu eta hainbat txokotan data honen bueltan mugimendu feministak deitzen dituen mobilizazio eta ekimenetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu.

Egungo jendarte kapitalista patriarkalaren kontrako borrokak, emakumeok pairatzen duten zapalkuntzaren aurkako borroka barnebildu behar du eta honetarako, mugimendu feministak egiten duen ekarpena gure egin eta hau indartzeko konpromisoa agertzen dugu.

Guzti honengatik, gu ere 25ean kalean egongo gara indarkeria sexistaren aurka.

HIRIBURUETAKO DEIALDIAK:

Baiona: azaroaren 24an, 11:00etan merkatu plazan. Emazteenganako bortizkeriaren aurkako nazioarteko eguna.

Bilbo: eguerdiko 12:30etan Arriagan. “Ez obeditu, ez zerbitzatu, ez isildu. Egin dezagun iraultza feminista!”

Donostia: eguerdiko 13:00etan Bulebarretik. “Indarkeria matxistaren aurka erresistentzia feminista”.

Gasteiz: eguerdiko 12:30etan Probintzia plazan. “Indarkeria matxistaren aurrean feminismoa”.

Iruñea: eguerdiko 12:00etan Gaztelu plazatik. “Gestion Institucional = -igualdad +violencia sexista, feministok aurre egin diezaiogun!”

Comentarios