Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko lege bermeak lortzeko, ofentsibara joko du LABek
LABek irailean administrazio publikoa euskalduntzearen alde hasitako mobilizazio dinamikan beste urrats bat egingo du, ELArekin elkarlanean. Abenduaren 16an mobilizazioa egingo du Iruñean, eta abenduaren 17an Gasteizen.
Azken urteetan Hego Euskal Herriko zerbitzu publikoak euskaraz eskaintzearen eta lantokietan euskaraz lan egin ahal izatearen kontrako oldarraldi politiko eta judiziala bizi dugu. Eraso horien aurrean, LAB beste sindikatu eta euskalgintzako eragileekin mobilizatzen aritu da. Erantzun dinamika horretan jauzi bat eman beharra zegoen, eta irailean ofentsibara joateko erabakia iragarri zuen. Orain, euskararentzat berme juridikoak lortzeko ofentsiba horretara pasatzeko garaia da.
LABek zerbitzu publikoak euskalduntzeko lan eta mobilizazio eskerga egin du, bai administrazioan, baita azpikontratatutako eta itundutako eremuetan. Proposamen orokorragoak ere egin ditu; LABek, Euskalgintzaren Kontseiluarekin eta ELArekin batera, administrazio publikoak 15 urteko epean euskalduntzeko proposamena aurkeztu zuen. Instituzioen erantzuna hutsala edo okerrera egitea izan da. Oldarraldi judizialak administrazioa euskalduntzea oztopatzen du, eta, kasu batzuetan, administrazioetako agintariek euskalduntzean atzera egiteko erabakiak hartzen ari dira.
Horrela, LAB dagoeneko mobilizatzen hasia da, eta egiten diren erasoei erantzuten jarraituko du aurrerantzean ere. ELArekin dagoeneko adostasun batera iritsi da mobilizazio dinamika berri honetan ofentsiban aritzeko, langileen aktibazioan sakonduz interpelazioan beste urrats batzuk egiteko. Eremu bakoitzeko egoera eta interpelazioak kontuan edukita, ikasturte osoan Hego Euskal Herrian hainbat mobilizazio izango dituen dinamika izango da, sektore publiko osoari eragiten diona (lokala, forala, autonomiko-forala, estatuko administrazioa, enpresa publikoak…), azpikontratatutako eremuak barne.
Dinamikak aldarrikapen zehatzak izango ditu.
Hego Euskal Herrirako aldarrikapenak:
- Euskararen kontrako epaiak salatzea.
- Administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
- Hego Euskal Herriko administrazioak erabat euskalduntzeko plangintzak adostea, baliabideak eta epeak adostuz, lanpostuak behar duen ezagutza nahikoa bermatuz eta euskaraz lan egin ahal izateko plangintzak eginez.
- Erabiltzaileek euskara zerbitzu hizkuntza gisa izateko eskubidea bermatzea.
- Pribatizatutako-itundutako eremuetan langileak euskaraz lan egiteko eskubidea eta erabiltzaileek euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatu daitezen, zerbitzua ematen duten enpresei euskara planak egiteko derrigortasuna ezartzea plegu bidez. Hau da, hizkuntza klausulen bidez.
Nafarroarako aldarrikapenak:
- Euskararen lege berri baten beharra aldarrikatzea, lurralde osoan ofiziala izan dadin behingoz.
- Lege berria egon bitartean, erabiltzaileentzat euskara zerbitzu-hizkuntza izateko eskubidea derrigorrez bermatzea euskara ofiziala den eremuetan. Bestetik, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskararen ezagutza meritu gisa ezartzea.
- Diskriminazioarekin amaitzea. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina delakoaren 33. artikulua bertan behera uztea.
- Langile publikoen estatutu berriak euskaraz lan egiteko eskubidea eta euskara zerbitzu-hizkuntza izateko eskubidea bermatzea.
- Lanpostu berri guztiek hizkuntza eskakizuna izatera bidean, urtero portzentaje bat adostea, administrazioan euskara profila duten plaza kopurua handituz.
EAErako aldarrikapenak:
- Lege aldaketaren bidez administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
- Lanpostu guztiek hizkuntza eskakizuna izatea eta derrigorrezko data jarrita izatea.
- Lanpostu berriei dagokienez, derrigortasun data iraungita egotea lanpostua hartzeko momentuan.
Lehen ekimen moduan, Hego Euskal Herriko bi legebiltzarrak ekimenak interpelatuko ditu LABek, ELArekin batera. Izan ere, administrazioaren euskalduntzean aurrera egiteko bestelako lege batzuk beharrezkoak dira; segurtasun juridikoa beharrezkoa da. Hortaz, abenduren 16an Iruñean elkarretaratzea egingo dute (11:00etan Nafarroako Parlamentuaren aurrean), eta abenduaren 17an Gasteizen mobilizazioa egingo dute (11:00etan Bilbo plazatik Eusko Legebiltzarrera), Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatu. Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez lelopean.
Langileak eta lan zentroak aktibatuko ditu LABek. Aldaketa legalak egiteko garaia da. Administrazio publikoa euskalduntzearen aldeko lege bermeek mobilizazio soziala eta euskal langileen aktibazioa eskatzen dute, eta, horregatik, mobilizazioak areagotzeko garaia dela berretsi du LABek, bestelako borroka moldeak baztertu gabe.

Comentarios
Publicar un comentario