Euskal Herri osoan mobilizatuko da LAB Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Mobilizazio propioak egingo ditu goizean Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, instituzioek eta patronalek dagokiten ardura har dezaten eskatzeko, eta mugimendu feministaren deialdiekin bat egingo du arratsaldean.
Sindikalismo feminista aldarrikatuko du LABek azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, eta mobilizazioak egingo ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, 11:00etan: Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean; Donostian, Eusko Jaurlaritzaren aurrean; Iruñean, Gazteluko plazan; eta Gasteizen, Lan Delegaritzan.
Indarkeria matxistak egunerokoan lan eremuan hartzen dituen formak gurutzatuta daude prekaritatearekin eta botere harremanekin. Argi ikus daiteke, ordea, zein helduleku gutxi eta zenbat oztopo dauden halako egoerei aurre egiteko, erasoak salatzen direnean ez delako neurririk hartzen, edo, neurri zigortzaileak hartu bai, baina erasoa salatzen duen pertsonaren erreparaziorako inolako neurririk ez delako hartzen.
LABek uste du garaia dela indarkeria lehen malako arazo politiko eta sozial moduan har dadin. Eta, era berean, indarkeria matxistari aurre egiteko, sindikalismo feminista proposatzen du langileentzatko autodefentsa tresna gisa. Instituzioen eta patronalaren hipokrisiaren aurrean, borroka feministaz indarkeria patriarkalari aurre egiten jarraitzeko deia egin du LABek, indarkeria matxistaren aurrean sindikalismo feministari eragiten jarraitzekoa.
Nola? Bada, enpresaz enpresa borrokatuko du, eta instituzioek eta patronalek dagokiten ardura har dezaten presio egingo du. Eskaera zehatzak ere egingo ditu sindikatuak, indarkeria matxistaren inguruko formazio eta diagnostiko errealak egin daitezen. Eta, era berean, lantokietan aske izateko ahalik eta espazio seguruenak eraikitzeko lanean jarraituko du, eskura ditugun baliabide eta estrategia feministak partekatuz eta hedatuz.
Goizean nola, arratsaldean eta iluntzean ere mobilizatzeko deia egingo du LABek, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak Euskal Herriko hiri eta herrietan egingo dituen mobilizazioetara batzekoa.
Comentarios
Publicar un comentario