Otsailak 22. SOLDATA ARRAKALAREN AURKAKO nazioarteko eguna


Zaintza lanak aitortzea eta banatzea beharrezkoa 

da soldata-arrakalarekin amaitzeko 

Soldata-arrakala sexuaren araberako enplegu eta lanaren banaketa desorekatuaren ondorio da. Emakumeok* egiten dugun lana debaluatuta dago eta soldata-arrakala egiturazkoa da. Iturri ofizialek emandako datu orokorrek ez digute errealitate gordina ikusten uzten. Gaur egun, Euskal Herrian ez da soldata berdina kobratzen balio bereko lana egin arren; sexuaren arabera desberdina da.

Emakumeok* egiten ditugun lanak zaintzari loturikoak dira hein handi batean, eta hor dago gakoa: ez zaio balio bera ematen pertsonak zaintzeari edo gur-
pilak ekoizteari.

Emakumeoi* ematen diguten zaintzaile rola enpleguaren eremutik harago doa: zaintzari lotutako lanpostuak guztiz feminizatuak daude eta enplegutik kanpoko zaintza lanak ere emakumeei* egozten dizkigute. Horrek prekaritatean eta soldata arrakalan eragin zuzena dauka: zaintza ardurek enplegu prekarioagoak (lanaldi partzialak...) onartu behar izatera garamatza; adibidez, ostalaritzan edo jangeletan; eta baita zaintza baimenak edo zaintza lanetarako jardunaldi murrizketak hartzera ere. Horrek gero penalizazioak dakartza emakumeentzat*.

Zaintza lanek ez daukate inolako aitortza ekonomikorik eta sozialik, eta ez dugu Zaintza Sistema Publiko Komunitariorik. Emakumeon* lanari esker sostenga-
tzen dira, eta, bitartean, gizonek ez zaintzeko pribilejioari eusten diote.

Patronalak zein instituzioek honetan duten erantzukizuna seinalatu behar dugu: instituzio publikoak generoagatiko soldata-arrakalaren erantzule zuzenak dira; zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzten bakoitzean zaintza lanekin negozioa egitea sustatzen dute. Erantzukidetasun politikak bultzatzeari uko egiten ari dira, gainera.


Horren aurrean, LABetik honakoa aldarrikatzen dugu:

• Zaintza lanak era justu batean banatu eta baloratzea. Hori horrela ez den bitartean, soldata arrakala mantendu egingo da.

• Zaintza sistema publiko komunitarioa garatzea.
• Sexuaren araberako lan banaketarekin amaitzea eta lan eta enplegu guztien birbalorizazio bat egitea. Horretarako, bizitzaren sostengarritasun faktorea aplikatuko genuke.

• Hitzarmen kolektiboetan lanpostuen balorazio feministak sartzea.
• Zaintza eta bizitzaren sostengurako beharrezkoak diren lan guztiak emakumeon* gain jarri dituzte eta doakoak dira; sistema kapitalistak eta jendarte osoak atera dio horri probetxua. Horren aurrean, zor patriarkala deitu diogun zuzenketa
faktorea aplikatzea proposatzen dugu.

• Lanaldia murriztea, soldata txikitu gabe: zaintzeko denborak bermatu.

• Zaintza sektoreko lan baldintzak hobetzea.

Comentarios