Onartu berri diren Errege Dekretuak


Onartu berri diren Errege Dekretuek aldaketak ekarriko dituzte herritarron eskubideetan

Apirilaren 3an Sanchez-en Gobernuak Errege Dekretu bidez hainbat aldaketa aurrera atera ditu, erditu ez duen gurasoaren baimenari —aitatasun baimen gisa izendatzen zena— eta langabezia subsidioari lotuta. LABen iritziz neurri hauek Gobernu ezberdinek inposatutako murrizketak gainditzeko ez nahikoa dira. Hala ere, LAB kide zaretenoi jakinarazi nahi dizuegu dekretu hauen onarpenak zein aldaketa eragingo dituen zuen eskubideetan.

JAIOTZA, ADOPZIO ETA ADOPZIOA HELBURU DUTEN GUARDA ETA HARRERA EGOERENGATIK JASOTZEN DEN PRESTAZIOA
Errege Dekretu honen arabera, erditu ez duen gurasoaren prestazioa —orain arte aitatasuna bezala izendatua— 16 asteetaraino luzatuko da. Honen aplikazioa mailakatua izango da denboran:

 
2019ko apirilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitartean: 8 aste

Hauetatik 2 aste erditzea edo adopzioa gertatu eta berehalakoak, gainontzeko 6ak haurrak urtebeteko adina bete bitartean banatu ahalko direla. Erditu duenak bere prestazio epetik gehienez 4 asteko lagapena gauzatu ahalko dio beste gurasoari.
2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean: 12 aste

Hauetatik 4 aste erditzea edo adopzioa gertatu eta berehalakoak, gainontzeko 8ak haurrak urtebeteko adina bete bitartean banatu ahalko direla. Erditu duenak bere prestazio epetik gehienez 2 asteko lagapena gauzatu ahalko dio beste gurasoari.

2021eko urtarriletik aurrera: 16 aste

Hauetatik 6 aste erditzea edo adopzioa gertatu eta berehalakoak, gainontzeko 10ak haurrak urtebeteko adina bete bitartean banatu ahalko direla. Eskubide hau bakoitzarena eta transferiezina izango da.

 

BULARREKO UMEAREN ZAINTZAGATIKO BAIMENA —lehen edoskitze baimena zena
Kasu honetan, lege erreformaren arabera, 2019/3/8tik aurrera baimen hau pertsona langilearen eskubide indibiduala izango da, hau da, bi guraso, adoptatzaile, zaintzaile edo harreragileen eskubidea izango da. Egunero lanean ordubeteko absentzia egiteko baimena izango dute. Baimen hau bi zatitan banatu ahal izango dute. Hitzarmen edo akordio bidez jasotzen denaren arabera, hau ordezkatu ahal izango da ordu erdiko lanaldi murrizketarekin edo lanaldi osoetan metatu ahalko da.

52 URTETIK GORAKO LANGABEZIA SUBSIDIOA
Kasu honetan, bi aldagai nagusi ditu erreformak. Batetik, subsidio hau jaso ahal izateko adina 55 urtetatik 52 urtetara igaroko da. Bestetik, eskubide hau izateko  eskatzailearen errenta egozgarriak soilik izango dira kontutan, eta ez familia unitatearenak.

Baimen berrituak 2019/3/13aren ondoren sorturiko subsidio egoerei edota berrituko dutenei aplikatuko zaizkio, baita data horretan prestazio honen hartzaile zenari ere. Horrela, adin tarte horretan aurkitu eta subsidio hau jasotzeko eskubidea izan dezakezula uste baduzu, gertuen duzun Gizarte Segurantzaren bulegora jo behar duzu eta eskaera berri bat egin.

Comentarios